Berriak eta Agenda
Berriak
2008-10-03
Emakundek Berdintasunaren aldeko Emakunde Sarirako hautagaiak aurkezteko epea ireki du
Sariaren helburua emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan egindako lanarengatik nabarmendu diren pertsonei egindako lanari esker ona ematea da. Hautagaiak azaroaren 3ra arte aurkeztu daitezke. Bestalde, Emakundek 20.urteurrena ospatzeko irrati eta telebistan egingo duen kanpaina aurkeztu du. Aurkezpenean, Izaskun Moyuak esan du berditasunezko gizarte bat erdiesteko, funtsezkoa dela etxeko lanekiko gizonezkoen "elkar-erantzunkizuna".
Iazko Emakunde Sariaren entrega ekitaldia
Emakunde Emakumearen Euskal Institutuak, Berdintasunaren aldeko Emakunde sariaren deialdia egin du eta hautagaiak aurkezteko epea azaroaren 3ra arte irekita egongo dela jakinarazi. Aurreko edizioetan, saria Mari Jose Urruzola eta Bagabiltza Elkarteak jaso izan dute. Emakumeek egindako lana aintzat hartzearren egindako lanetan nabarmendu diren pertsonei zuzenduta dago saria, edo sexuen arteko eskubide eta aukera berdintasuna sustatzearren lan egin dutenei.
Epaimahaiak saria nori esleitu ebazteko hautagaiek arlo honetan egindako ibilbidea, ekintza eta proiektuek duten garrantzia eta jardun edo pertsona horiek gizartean duten oihartzuna eta eragina hartuko ditu kontuan. Hautagaiak aurkeztean txosten bat helarazi beharko da Emakundera. Sariaren diru-kopuru gordina 14.000 euro da.
Kanpaina berria
Bestalde, Emakundek, bere 20. urteurrena ospatzeko irrati eta telebista kanpaina zabal bat aurkeztu du. Kanpaina horretan, 20 emakume ospetsuk azken urte hauetan lortutako aldarrikapen eta helburuez hitz egiten dute. Besteak beste, Izaskun Bilbao Eusko Legebiltzarreko presidenteak, Mari Carmen Gallastegi Teoria Ekonomikoa katedradunak, Josune Bereziartua eskalatzaileak, Garbiñe Biurrun epaileak, Dora Salazar eskultoreak eta Toti Martinez de Lezea idazleak hartzen dute parte iragarkietan.
"Elkar erantzukizuna"
Aurkezpenean Izaskun Moyuak adierazi zuenez, gaur egun, berdintasunezko gizarte bat erdiesteko, funtsezkoa da etxeko lanekiko gizonezkoen "elkar-erantzukizuna". Azken 20 urte hauetan, esparru politiko eta ekonomikoan lortu dira "arrakasta handienak". Horien artean, Moyuak azpimarratu zuenez, Eusko Jaurlaritzan emakumeak %53 direla; "emakumezko eta gizonezkoen kopurua euskal Ganberan lehendabizi historian parekatzen dela".
[Volver al listado]