Logotipo de Andresare

Azala

Andresare, generoaren eta feminismoen inguruko azterlanak

ANDRESARE proiektua 2002an sortu zen, Eusko Ikaskuntzak Euskal Herriko sistemei eta genero-harremanei buruzko ikerketen azterlan bibliografikoa egiteko atera zuen bekarekin. XX. mendeko laurogeiko hamarkadatik garatzen ari zen ezagutza-corpusa jasotzea zen ikerketaren helburua, feminismoaren eta generoaren alorreko azterlanek gero eta interes handiagoa pizten baitzuten.

Euskal Herriko Unibertsitateak berak hasiera-hasieratik hartu zuen parte mugimendu feminista akademikoan; Mujer vasca imagen y realidad (1985) argitalpena dugu horren lekuko. Beste adibide bat Emakumeari Buruzko Ikerketarako Mintegiaren (EBIMen) sorrera dugu; 1980tik, estatu espainiarreko unibertsitate-sarean eratutako lehen lauen artean egon zen. Haren argitalpenak, jarduerak, jardunaldiak eta biltzarra ditugu erakusgarri, bai eta haren liburutegia ere -gaur egun Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean dago-. Zeregin akademikoaren emaitza ditugu, besteak beste, 1984tik aurrera eman diren doktorego-kurtsoak, antropologiako lizentziaturako irakasgai nagusiak, masterra eta bikaintasun handiz defendatutako tesiak.

Kanpoan ere areagotzen ari ziren gai horien inguruko interesa eta azterlanak, bai estatu espainiarrean, bai Europan, bai Estatu Batuetan, bai Latinoamerikan. Jakintzagai berri horrek, pentsamendu ilustratutik abiatuz, sufragismoarekin bat egin, mugimendu feministarekin aberastu eta, XX. mendearen hirurogeita hamarreko hamarkadan, statusa lortu zuen unibertsitatearen alorrean, eremu anglosaxoian eta frantziarrean lehenengo eta estatu espainiarrean geroago (laurogeiko urteetan). Jakintzagai horixe bera azaldu zen, beranduago, Latinoamerikako hainbat herrialdetan ere.

2002an ekindako ikerketa-proiektuan, hainbat erreferentzia bibliografiko jaso ziren jakintza-alor hauetan: antropologian, historian, soziologian eta politika-zientzietan, filosofian, zuzenbidean, informazio-zientzietan, pedagogian, artean eta literaturan. Hainbat egilek erantzun ona eman zioten informazioa emateko eskaerari, eta, jasotako materialari esker, ikerketa-corpus handia zegoela ohartu ginen. Material hori oso ekarpen baliotsua da irakaskuntzari eta ikerketari begira. Gainera, bitartekoak eskaintzen ditu gizarte-intereseko arloei estuki lotuta dauden arazoei aurre egiteko. Hauek dira horietako arlo batzuk: emakumeen osasuna; emakumeak familian eta zaintzaren esparruan duen zeregina; lan-munduan bizi duen errealitatea; erakundeetan, politikan eta enpesan duen partaidetza; euskal kulturan dituen zereginak; aisialdiaren eta sormenaren eremuetan duen ordezkaritza; hiriak diseinatu eta antolatzen duen parte-hartzea; eta emakume emigranteen egoera.

Aberastasun hori esku artean genuela, nola ezagutarazi eta eguneratzen jarraitu pentsatzen hasi ginen; Eusko Ikaskuntzaren laguntza eta Euskomediaren aholkularitza izan genituen zeregin horretan. Hedapenerako modurik arin, integratzaile eta eraginkorrena SAREA erabiltzea zela erabaki genuen. Horrelaxe sortu zen ANDRESARE abian jartzeko ideia. Egindakoa ezagutu eta baloratzeko, eguneratzen jarraitzeko eta uneko eta etorkizuneko ikerketez handitzeko tresna bihurtzeko jaio zen. Izan ere, ezagutza-arlo honek zuzeneko eragina du gizartea eraldatzeko prozesuan. Gizarte berdinagorako urratsak ematen laguntzen du, berdintasuna erreferentzia eta etengabeko ekarpena izan dadin. Hain zuzen ere, horixe izan da ANDRESARE plataforma birtuala sortzeko abiapuntua -Eusko Ikaskuntzak hartu du zeregin hori, Eukomediaren laguntzarekin betiere-.