Eusko Ikaskuntzak sortutako beka baten bitartez, Proiektuko materialak etengabe eguneratzen eta WEBaren atalak koordinatzen dihardu lagun batek. Pertsona hori arduratuko da agertzen diren nobedadeak bildu eta egileekin harremanetan jartzeaz, haien lanak sareratzeko. Hark jasoko ditu, halaber, ataletarako iradokizunak eta materialak, eta Jarraipen Batzordearekin elkarlanean arituko da, WEBean egoki irizten dizkieten aldaketak egiteko. Hona hemen egungo batzordeko kideak:
Arantza Cuesta, Euskomediaren ordezkaria
Teresa del Valle, Eusko Ikaskuntzaren Batzorde Eragilearen ordezkaria
José Javier Fernández, Eusko Ikaskuntzako bazkidea
Jone M. Hernández, Eusko Ikaskuntzako bazkidea
Beatriz Akizu, Eusko Ikaskuntzako jarduera-arduraduna
Esan dugunez, proiektu hau tresna baliagarria izan daiteke ikerkuntzarako, eta lagungarria, halaber, adibidez gaiarekin zerikusia duten graduatu ondoko programetarako, eta, oro har, etorkizuneko graduetarako. Era berean, dagoeneko bi hamarkada baino gehiagoan hemendik nahiz beste leku batzuetatik hainbat gairen inguruan egiten ari garen ikerketa gure testuinguruaren barruan eta kanpoan ezagutarazten lagunduko du.
Esan beharra dago, bestalde, ANDRESAREko edukiak kudeatzeaz arduratzen den pertsonak eta Jarraipen Batzordeko kideek ateak irekita dituztela, web orriaren funtzionamenduaren eta atalen inguruko edozelako ekarpen, iradokizun eta iruzkinak jasotzeko. Hori dela eta, generoaren, emakumearen nahiz feminismoen inguruko gaietan lanean diharduten lagunak ANDRESARErekin harremanetan jartzera (andresare@eusko-ikaskuntza.org) animatu gura ditugu. Plataforma berri hau baliatuz, haien lana (artikuluak, testuak nahiz bestelako materialak) hedatzeko aukera eman nahi diegu. Orobat, ANDRESAREri beste erabilera batzuk ere eman diezazkiokegula azpimarratu nahi dugu, hain zuzen ere, argitalpenak eta ikerketak ezagutaraztekoa, eta diziplina anitzeko ezagutza berritzailea gizartean zabaltzea ahalbidetuko duten gertakarien berri ematekoa.
Bukatzeko, ANDRESAREren helburuaren eta edukien nazioartekotasunaren berri eman nahi dugu; izan ere, Europako Parlamentuak 2006ko abenduaren 20an sortu zuen Genero Berdintasunaren Europako Institutuaren arautegiko helburuak betetzea dute xede. Horrenbestez, arautegiaren 3. artikuluan (a eta e ataletan), hauxe dago jasota: «2. artikuluan ezarritako helburuak betetze aldera, hauek egingo ditu Institutuak:
a) Genero-berdintasunari buruzko informazio objektiboa, alderagarria eta fidagarria bildu, aztertu eta hedatu. Barne hartuko ditu estatu kideek, erkidegoko erakundeek, ikerketa-zentroek, berdintasunaren alorreko nazioko erakundeek, gobernuz kanpoko erakundeek, gizarte-solaskideek, hirugarren herrialdeek eta nazioarteko erakundeek jakinarazten dizkioten ikerketak eta jardunbide egokiak ere. Bestalde, sakondu beharreko alorrak ere adieraziko ditu.
e) Genero-berdintasunaren aldeko sare europarra sortu eta koordinatu. Genero-berdintasunaz eta generoaren ikuspegia beste jarduera batzuetan txertatzeaz arduratzen diren zentro, organismo, erakunde eta espezialistek hartuko dute parte, eta ikerketa bultzatzea, eskuragarri dauden baliabideen erabilera optimizatzea eta informazioaren elkartrukea eta hedapena ahalbidetzea izango ditu xede.
Ahalmen espezifiko eta hedatzailean datza sarearen indarra, eta kapital hori sustatzeko sortu da, hain zuzen ere, ANDRESARE.
Teresa del Valle
Gizarte-antropologiako katedradun emeritua
Jone Miren Hernández
Gizarte-antropologiako irakaslea.
Euskal Herriko Unibertsitatea